Edukira joan

Ostiral Santuko Hitzarmena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Koro (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 19:01, 16 abendua 2015
Ipar Irlandako parlamentua, non boterea protestante eta katolikoek partekatzen duten.

Ostiral Santuko Hitzarmena edo Belfasteko Hitzarmena (bakanago Stormonteko Hitzarmena ere deitua) (ingelesez, Good Friday Agreement) Ipar Irlandako bake prozesuan mugarri garrantzitsua izan da, Belfasten 1998ko apirilaren 10ean (Ostiral Santuan) Erresuma Batuko zein Hego Irlandako gobernuek sinatua, eta Ipar Irlandako alderdi politiko nugusi gehienek (DUP kenduta) berretsia. Hego eta Ipar Irlandako hautesleek ere berretsi zuten 1998ko maiatzaren 23an egindako bi erreferendumetan.

Protagonista nagusiak

Bai akordioaren aurreko negoziazioetan eta baita sinatzeko orduan ere, hauek izan ziren protagonista nagusiak:

  • Tony Blair, garaiko britainiar lehen Ministroa. IRAtik gertu zegoen Sinn Féin alderdiarekin hitz egitera lortu zuen, Ulsterreko unionistekin hautsi gabe.
  • Bertie Ahern, Irlandako Errepublikako Lehen Ministroa.
  • David Trimble, Ipar Irlandako indar politiko nagusia zen Ulsterreko Alderdi Unionistaren liderra (UUP). Oposizio gogorra izan zuen bere alderdian Akordioa sinatzeak eragingo lizkiekeen kalteak zirela-eta.
  • Gerry Adams, Sinn Féineko liderra zena eta unionistek onartu zuten lehen irlandar errepublikazaleen arteko solaskidea. Nazionalismoaren sektore erradikalenak erakarri eta mantentzea lortu zuen.
  • John Hume, garrantzian Ulsterreko bigarren alderdia zen Social Democratic and Labour Party alderdi katolikoaren liderra. Urte asko eman zuen bitartekari lanetan eta AEBk ere bakearen alde egiteko ahaleginetan ibili zen.
  • George Mitchell, estatubatuar senatari ohia eta Bill Clinton estatubatuar presidentearen aholkulari ohia. Mediadore lana egin zuen eta Mitchell Plana deritzona sortze lanetan ere bai. Dokumentu hau Akordiora iristeko azken negoziazioen oinarria izan zen.

Hitzartutako puntu nagusiak

  • Ipar Irlandako etorkizun politikoa hango hiritarren gehiengoak erabakiko du.
  • Alderdi guztiek bitarteko baketsu eta demokratikoak erabiltzeko konpromisoa.
  • Botere legegileak izango zituen Ipar Irlandako Asanbladaren eraketa.
  • Asanbladak erabaki garrantzitsuak hartzerakoan bi erkidegoen artean egiteko printzipioa.
  • Boterea partekatuko zuen Ipar Irlandako Exekutiboaren eraketa, ministroak osatzeko D'Hondt metodoa erabiliz.
  • Hego eta Ipar Irlandako ministroen batzordearen eraketa, hainbat arlotan mugen arteko kooperazioa bu1ltzatzeko.
  • Irlanda eta Britainia Handiko gobernuen arteko bileraren eraketa, konpondu gabeko arazoen gainean iradokitzeko boterearekin.
  • Britainiar-irlandar Batzordearen eraketa, Irlandako, Ipar Irlandako, Erresuma Batuko, Kanal Irletako eta Man irletako ordezkariak izango dituena, elkarrekiko interesen gaiak eztabaidatzeko.
  • Bi urteren buruan hastekoa zen su etena gorde zuten erakunde paramilitarren presoen askatzea.
  • Ipar Irlandako Giza Eskubideen Batzordearen eraketa.
  • Bi urtetako epea paramilitarren armak deuseztatzeko.
  • Britainiar Parlamentuak 1920ko Ipar Irlandako Akta bertan behera uztea.
  • Irlandako Errepublikak konstituzioko 2. eta 3. artikuluak bertan behera uztea, non Ipar Irlandako lurraldea aldarrikatzen zen.
  • Polizia, giza eskubide eta berdintasunen gaineko araudi berriaren eraketa Ipar Irlandan.
  • Gehiegizko armada kanpamenduen itxiera.
  • Komisio independente batek gidatutako Ipar Irlandako poliziaren aldakuntza.
  • Erkidego guztientzako berdintasun ekonomiko, sozial eta kulturala; eta gaelikoaren onarpen ofiziala, ingelesaren maila berean.